top of page

Egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidean

Sanfermines78Gogoan! plataformak ongi daki zer den inpunitatea. Lau hamarkadatan zehar aurre egin diote ahanzturari. Iruñeko 5. zenbakidun Instrukzio Epaitegiak kereila kriminal bat du eskuartean, 1978ko uztailaren 8an gertatutakoa argitzeko eta bide batez, erantzunkizunak bilatzeko

Gogoan monumentua Iruñeko Orreaga etorbidean (Argazkia: Aunitz Info)

Mikel Amorena

Barrikadak, tiroak, garrasiak, hamarnaka zauritu eta hildako bat. Anabasa izan zen nagusi Iruñeko kaleetan, 1978ko uztailaren 8ko arratsalde-gauean. Sanferminak zapuztuak ziren. Polizia Nazionalaren bertsio ofizialak akats bati errua bota bazion ere, memoriaren bidean ibilitako ibilbidea ez da batere erraza izan. Estatu bat, bere indar armatuak eta beharrezkoak izan zaizkien komunikabideak izan ditu aurrean Sanfermines78Gogoan! plataformak, baina beti jakin izan du aurrera egiten.


“Herritar eta kolektibo guztiei irekia dagoen herri-ekimena da”, azaldu du Amaia Kowasch bozeramaleak. Gaineratu du Iruñeko eta Nafarroako herriak pairatutako “eraso basatia” salatzea, German Rodriguez erailaren memoria historikoa berreskuratzea eta “egia, justizia eta erreparazioaren bidean aurrerapausuak ematea” direla haien helburuak. Gizarte mailan ekimen ugari antolatzen dituzte urtean zehar, gertatutakoa ahanzturan eror ez dadin, baina duela pare bat hilabete epaitegietara jotzea erabaki zuten.


Sanfermines78Gogoan! plataformak eta bost auzi-jartzaile partikularrek kereila kriminal bat jarri zuten Iruñeko Justizia Jauregian, udaleko ikerketa-batzordeak egindako gomendioari men eginez. Kowaschek dio ez dela ezer preskribatu: “78ko sanferminetan jazotakoa frankismoak egindako gizadiaren aurkako krimenen testuinguruan dago, 40 urteko diktadura ondorengo trantsizioan gertatu zen, beraz ez da preskribatu”. Duela gutxi Iruñeko Udalak eta Iruñeko Peñen Federazioak iragarri zuten kereilara atxikituko zirela. “Nafarroako Parlamentuaren eta zenbait europarlamentariren babesa ere jaso dugu”, azpimarratu du.


Madrilen ere hainbat ekimen martxan jarri dituzte. Batez ere dokumentazio-eskaerak egin dituzte, baina gertakariari buruzko dokumentuen desklasifikaziorako mozio bat aurkeztu zuten Kongresuan: “Ez zen aurrera atera, PSOEk PSNren jarrerari buelta eman baitzion”. Hala ere, udaberriarekin batera Diputatuen Kongresuan gordetzen zen txosten bat eskuratu ahal izan dute. “41 urte ondoren, garaipen bat da guretzat”, dio Amaia Kowaschek. “Kontraesanez beteriko txostena da, baina guztia aldez aurretik pentsatutakoa dela somatzen da"

Arratsaldeko azkeneko zezena

Zezenketa normaltasunez ospatu zen 1978ko uztailaren 8ko arratsaldean. Julio Aguerrik atzo bailitzan gogoratzen du guztia: “Azkeneko zezena hil eta gero, La Unica peñakoak zezentokira jaitsi eta pankarta bat atera zuten”. «AMNISTIA. PRESOAK KALERA. SAN FERMIN SIN PRESOS» zioen pankarta hurak. Plazari buelta ematen hasi ziren, eta iritziak banandu ziren. “Beti egon izan da txisturik horrelakoak aldarrikatzen direnean, baina egun horretan, ezohikoa izan zen itzaleko tendidoaren erantzuna. Pertsona bat harmailara igo eta kolpeka hasi ziren”, gogoratzen du Jarana peñako kideak.

Polizia armatua plazara sartzen (Peñen txostena, 1978)

Polizia Armatua zezen-plazara sartzen kailejoitik (Argazkia: Peñen txostena, 1978)

Aguerrik azaldu du azken zezena hil eta gero, tradizioa dela peñetako umeak plazara sartzea. “Ni bosgarren tendidoan nengoen, eta aurrean kailejoia nuen”, dio. “Azkeneko haurra plazan sartu zenerako polizia barnean zegoen”. Agenteek karga bortitza egin zutela dio Julio Aguerrik: “Guztiarekin sartu ziren: gomazko pilotak, gas negar-eragileak, suzko armak... Giroa arnasezina zen. Umeak zeuden, nahasmen handia zegoen... kuadrillako bati besoan jo zion bala batek”. Bakoitzak harmailetan topa zezakeena jaurtitzen zuen. Polizia bat zauritua lurrera erori zela gogoratzen du, eta Iruñeko jendea zegoela hura laguntzen: “Ez zegoen inor probokatzeko asmorik. Probokazio bakarra haiena izan zen”.

Zezen Plazako istiluak hiri osoan barna hedatu ziren, indarkeria handieneko agertokia Karlos III.aren etorbidea eta inguruko kaleak izan zirelarik. “Iruñea gudu-zelai bat zen. Tiroak alde batera, tiroak bestera... Jendea oso beldurtuta zegoen, korrika egiten zuen...”, horrela deskribatzen du Aguerrik egoera. Barrikadak eraiki zirela dio: “Mahaiak, aulkiak, zaborrontziak... entzierroetako segurtasun-hesien oholak ere hartu zituzten”. Gaztelu enparantzan neska-lagunarekin eta kuadrillako lagun batekin topo egitea lortu zuen, eta hirurek ahal izan zuten bezala alde egin zuten.

 

Dagoeneko entzuten hasia zen norbait hilda zegoela. Hasieran nahasmen handia zegoen, bertsio ezberdinek leku ezberdinetan kokatzen zutelako erailketa: “Azkenean Orreaga etorbidean izan zela egiaztatu zen”. German Rodriguez zuen izena, eta LKIko kidea zen. Aguerriren arabera, ez zen kasualitate hutsa edo zorte txarra izan: “Erailketa ikusi zuen jendeak dio bere bila joan zirela. Bere atzerik korrika zihoazen eta hainbatetan tiro egin zuten”. Bala horietako batek kendu zion bizia Germani, kopetan sartuta.

Iruñea, gudu-zelai

original.png

Barrikadak Txapitela kalean (Argazkia: Peñen txostena, 1978)

Balantze iluna

Ondorioak latzak izan ziren. Iruñeko Peñen Federazioak 1978ko abuztuan egindako txostenak argi eta garbi zerrendatzen ditu kalte guztiak, Javier Martinez de Lecea zezen plazako medikuaren laguntzaz.

 

Zezenketan zehar eta ondorengo orduetan hamaika pertsona zauritu zituzten balaz, horietako bat German bera. Gurutze Gorriak 170 pertsona inguru artatu zituen gaueko 9etatik goizaldeko 6:30 bitarte. Hala ere, txostena ez da ausartzen zaurituen zifra osoa ematera, “mota eta larritasun ugariko zaurituak” egon zirelako, tartean, gomazko pilotak, kontusioak, asfixiak, antsietate erasoak eta hausturak jota. Txostenak gaineratzen du mirari bat izan zela sarraskirik ez gertatzea: “San Ferminek gure jaien historiako kapotikorik handiena eskeini zigun”.

​

Galera ekonomikoak “berldurgarriak” izan ziren Iruñeko Peñen Ikerketa Batzordearen arabera: “Negozio ugarik urteko irabaziak oinarritzen dituzte jaiegun hauetan”. Esate baterako, 38 milioi pezetako galerak egon ziren Ostalaritzan; 8 etxebizitza eta ibilgailu partikularretan, beste hainbeste merkataritza eta elikadura dendetan, eta 6,5 pezetako galerak peñetan.

"Hil behar baduzue, hil"

Martin Villaren indar errepresiboen jokabideak hautsak harrotu zituen, hare gehiago poliziaren barne-irratian esandakoak argia ikusi zuenean.

Garai hartan ez zegoen polizia indarren barne-irratia kodifikatzeko sistemarik, eta irrati-zale batek bertan botatakoak grabatzea lortu zuen:“Emaiozue buelta plazari. Bokatxa guztiak prestatu eta energía guztiekin eta ahal bezain indartsu jaurti. Hil behar baduzue, hil”. Aurretik planifikatutako zerbait izan zelaren mamua handitu besteik ez da egiten, Iruñeko Peñen arabera.
Uztaileko 8. eguneko arratsaldeko 20:30etatik goizaldeko 5:00ak bitarte, poliziak marka guztiak hautsi zituen. Ordu eskas horietan istiluen kontrako material eta munizio erreal gehiago erabili zen, 1978. urteko lehenbiziko sei hilabeteetan baturik baino:
Erabilitako armak Rudo eskopeta eta Nato fusila izan ziren. Hauei esker, 5000 goma-pilota baino gehiago jaurti ziren, baita 1000 ke-pote inguru eta beste 1000 gas negar-eragile pote ere. Su errealeko armei dagokienez, 9 milimetroko parabellum indibiduala eta Z-70 azpifusil ametrailadorea erabili ziren, 100 eta 50 jaurtigai inguru disparatuz hurrenez hurren.

Espainiako Polizia ke-poteak jaurtitzen harmailetara (Argazkia: Peñen txostena, 1978)

htf.png
bottom of page