top of page

Estatuko eskalada txapelketa ospatu da Iruñerrian

Berriobeitiko Rocodromo gunea jendez lepo zegoen abiadura, zailtasuna eta blokeen modalitateak ikusteko. Tokio 2020an martxan jarriko den formatua estreinatu dute.

Abiadura froga lehian egon zen horma, Berriobeitiko Rocopolisen (Argazkia: Aunitz Info)

Aritz Santamaria/Mikel Amorena

Espainiako eskalada txapelketa ospatu da asteburu honetan, Berriobeitin (Nafarroa). Rocodromo gunea jendez lepo zegoen Autonomia Erkidegoetatik heldutako eskalatzaileak horman gora ikusteko. Txapelketak asteburu osoan zehar iraun du eta jakinmina egon da azken momenturarte. Aurten, gainera, Tokion ospatuko diren Olinpiar Jokoetarako prestatu duten formatu berria estreinatu dute estatuko txapelketetan.

​

Kategoria guztietako kirolariak bertaratu dira Espainiako Eskalada Txapelketara: azpi 14, azpi 16, azpi 18, azpi 20 eta absolutuak. Lau modalitate ezberdinetan lehiatu ziren eskalatzaileak. Zailtasun, abiadura eta blokeen frogak aste amaieran zehar burutu dira, hirurak biltzen dituen Overall modalitatearen aurretik. Horretaz gain, partehartzaile ugari erakarri zituen modalitatea bat paraeskalada izan zen. Gorputz-adarren bat faltan duten kirolariak ere horman gora egon ziren eskalatzen. 

 

Abiadura froga,15 metroko horma ahalik eta azkarren eskalatzean datzana, sorpresarekin amaitu zen. Erik Noyak hautsi du ordurarte indarrean zegoen errekorra, eta 6,28 segundurekin marka berria ezarri du. Hark eraman du gizonezkoen urrea.  Ana Belen Argudok eraman du urrea Madrilera, errekorra hautsiz eta 10,43 segundutan ezarriz. Estatuko hiriburura doaz, horrela, kategoria absolutuetako bi garaipenak. Gizonezkoek ezbezala, emakumezkoek lehia estua izan zuten urrearengatik. 

​

Igandean Espainiako Overall finalaren garaia heldu zen. Bertara ailegatzeko, ordea, fase ezberdinetatik pasa behar izan dute eskalatzaileek. Aurreko egunetan modalitate desberdinetan lehiatu ziren, eta bertako emaitzak kontutan izanda, sei emakume eta sei gizon pasa ziren finalera. Azkenean, lehiaketarako asteburu osoa pasata, Espainiako Overall modalitateko lehenbiziko irabazleen izenak jakin ziren. Mikel Linacisoro gizonetan, eta Ana Belen Argudo emakumeetan.

ARGAZKI GALERIA

bottom of page