top of page

Txantreako auzokideak ludopatiaren aurka antolatu dira

Joko-areto bati lizentzia eman dio Iruñeko Udalak apostu etxe handi bat paratu dezan auzoan. Bertako kolektibo eta bizilagunek asanblada jendetsua egin dute jokoaren aurkako estrategia definitzeko

M.Amorena/A.Santamaria

Txantreako bizilagunak auzoan paratu nahi duten joko-aretoaren aurka antolatzen hasi dira. Asanblada irekia ospatu zuten atzo Salesianas eraikinean, eta prozesu partehartzaile bat abiarazi dute jarraitu beharreko orria zehazteko. Filtrazio baten ondorioz heldu zen informazioa auzokideengana. Lizentzia abuztuaren 30ean eskeini zen, beraz, berandu da jada legearekin irekiera atzera botatzea, luzamendu baten bidez. Albisteak kezka handia sorrarazi du auzoan, eta mota eta adin guztietako jendea bertaratu da informazio bila: Auzokide elkarteak, gazte asanblada, Txantrea auzolan, jai batzordea eta merkatarien elkartea beste ugariren artean. 

 

Raquel Pardo Aralar asoziaziotik heldu da, Nafarroako ludopaten elkartetik. “Ludopatia frenorik gabeko munstro bat da, Iruñerrian hedatzen ari dena”. Ludopatia adikzio isila dela dio, inongo arrasto fisikorik uzten ez duena, eta oso zaila da antzematea. “Administrazioek beti begiratu izan dute beste aldera”, gaineratu du. Zizur eta Noain udalerriek hartutako neurriak jarri ditu adibidetzat. Izan ere, blindatu egin dira apostu etxerik edo joko-aretorik sar ez dadin. Gazteak maiz egoten diren tokietatik 400 metrotara egon beharko dira lokal hauek. Pardok azpimarratu du gauza ugari daudela erregulatzeke: “Ez lukete egon behar goizeko 10etatik goizaldeko ordubiak arte zabalik, publizitatea debekatu beharko litzateke…”

Alfonso Arana, Gizakia Helburu Nafarroako aditua, asanbladara gerturatu da ere bizilagunen zalantzak argitzeko. Salatu du Espainiar estatuko tabernak kasino txikietan bihurtu direla, inolako kontrolik gabekoak: “Ikus dezakegu nola jokoaren arazoa ez da mugatzen apostu etxe eta joko-aretoetara”. “Kontu handia izan behar da ere aplikazio mobilekin”, gaineratu du. Jokalariak ez direla “estigmatizatu behar” azpimarratu du, eta balio handia eman dio sostengu sozialari, putzutik atera ahal izateko.

Jokoaren zentro hauen kokapena ez da batere ausazkoa, adituen arabera. Estatu osoan barrena, krisialdi ekonomikoak gehien jipoitu dituen auzoetan hazi dira bereziki. Honen harira, auzokideek argi dute: “80. hamarkadan heroina sartu zuten gazteria apaltzeko, eta berdina egin dute krisialdi honetan jokoarekin”. “Alderdi Popularreko ministro Rafael Catalak ate birakorra hartu du Codere enpresan”, dio beste bizilagun batek. “Ez da kasualitatea PPren gobernuan zehar egondako apostu etxeen hazkundea”, gaineratu du.

Joko patologikoa, auzoen mehatxu

Azken bolada honetan auzoak jotzen ari ditu gehien ludopatiak, baina, badakigu zer den eta zer ondorio dituen? Gaitzak jota dagoen pertsonak tristura, antsietatea edo depresioa izan dezake;  harreman sozial eta familiarrak hoztu egiten dira gehienetan, eta ekonomikoki, zorrak pilatzen zaizkio. Adituek inguruko jendearen garrantzia azpimarratzen dute, hain isila den adikzio hau hantzemateko eta baztertzen laguntzeko.

Txantrea apostu etxeen aurka
Reproducir video
bottom of page