top of page

Mikel Montero

Informazioa boterearen zerbitzura

 

 

Ez da arraroa izango Hong Kongen gertatzen ari denari buruz erreportaiak edo bideoak ikusten badituzu, edozein sare sozialetan edo egunkarietan eskuragarri baitaude, eta gainera egunero albiste berriak ateratzen baitira. Horretaz gain, Brexitak ere hainbat minutu hartzen ditu kanpo-politikari loturiko berrietan, eta ezin da ahaztu zer esango duen Donald Trumpek bere Twitterrean, trending topic bihurtzen baita esan duen astakeri bakoitza. Honen harira, beti herrialde berdinak agertzen dira kanpo politikako albisteetan, herrialde batzuetako pertsonak besteetakoak baino gehiago izango balira bezala. Ezin da ukatu interes ekonomikoa edo soziala  duten herrialdeen berriak “saltzen” direla.

​

Lehenik eta behin, ezin da ezeztatu komunikabideek herrialde guztien informazioa mugatzen dutela. Ezinbestekoa da jakitea zein den Hong Kongen egoera, bertakoen iritzia eta bere aldarrikapenak. Behin eta berriz agertu dira hedabide desberdinetan. Baina, Bolivian ordea, zein gutxi izan diren Estatu kolpeari buruz hitz egin dutenak. Jendeak ez du estatu golpe bat egon dela jakin nahi edo komunikabideek ez dute plazaratu nahi?  Zenbat eta zenbat jendek hitz egin zuen Venezuelan gertatu zenari buruz, Boliviarekin alderatuz? Instagram laguntza mezuz bete zen Venezuela defendatzeko, orain ezta bat, batzuen hipokresia eta inkongruentzia agerian gelditu da. Komunikabideei dagokienez, egun osoan zehar Venezuelako gatazkak ikusten ziren, oraingoan ordea, izerditu behar da informazioa eskuratzeko. Eta herrialde batzuen portaera ere azpimarratzekoa izan da. Maduro bota nahian, okupazio militarra edo ilegalki lehendakari aldaketa proposatu zuten askok , Bolivian ordea, gutxi batzuk salatu dute estatu kolpea, eta are gutxiago esfortzu minimo bat egin egoera hobetzeko. Berriro ere, batzuen hipokresia eta elkarkidetasun falta.

​

Honen harira, hamaika herrialdek saltzen diote armagintza munduko diktadurei, milioi gutxi batzuren truke. Baina saltzaileei berdin zaie bertakoen bizi baldintzak edo dituzten eskubideak, bakarrik aberatsen diru zikina. Zein ongi egongo zen batzuen autokritika eta enpatia. Gaur egungo gizarteak etekin ekonomikoa bilatzen du bakarrik, ez zaio inporta nondik ateratzen diren mozkinak. Zergatik 2003tik aurrera Azoreetako hirukiak inbaditu zuen Irak, edo zergatik AEBk defendatzen du Israel? Latza den arren etekin ekonomikoa da argudiorik nagusiena, bertakoak alde batera utziz, ezikusiarena eginez. Iraken petrolioak suntsitu zuen herrialdea, Israel eta Palestinaren arteko borroka David eta Goliaten antzekoa da, Venezuelan bakea eskatzen da petrolioaren monopolioak indartsu jarraitu dezan, horrelako hainbat adibide daude. Baina Bolivian ordea, herrialde txiroa denez, beraien artean konpon daitezen, edo Afrikako hainbat lurraldeetan dauden guda zibiletan zertarako parte hartu, azken finean etekinik ez badago. 

​

Bihozgabea dirudien arren, nahi duten informazioa plazaratzen duten bitartean eta bakarrik etekin pertsonala bilatzen jarraitzen bada, gizarteak ez du aurrera egingo, eta are okerrago, pertsonen arteko desberdintasunak handituko dira. Pertsonak non jaiotzen diren ez dute aukeratzen, zoria dela esan daiteke. Lurralde batean jaiotzeak oparotasuna ekar dezake, beste batean ordea, betiereko sufrimendua. Baina  azken finean, errealitateari erreparatuz, pertsona batek ez du balio bera toki batean edo bestean, diru zorroak pisatzen duenaren araberakoa izango da, eta hori gutxi balitz bezala, boteretsuen esanetara beti egon beharko.

bottom of page