top of page

Bilboko autobus geltoki berria martxan da dagoeneko

Atzo hasi ziren bidaiariak Bilbao Intermodaleko nasetan busak hartzen. Lehen egunean nahasmena izan da nagusi eta jende-pilaketak egon dira txartelak baliozkotzeko tornuetan.

M.Amorena/A.Santamaria

Bilbok autobus geltoki berria du dagoeneko. Atzo goizean goiz hasi ziren lehenengo bidaiariak geltoki berria erabiltzen. 19.000 pertsona inguru pasako dira bertatik egunero, hiriko alkate Juan Mari Aburtok jakinarazi duenez. Zentzu horretan, azpimarratu du 7 milioi pertsonak erabiliko dutela urtean. Bizkaibuseko erabiltzaileak sartu ditu zifra horien barruan. Izan ere, zerbitzu honen erabiltzaileen %50k hartzen dituen lineak geltokira lekualdatu dituzte.

Bilbao Intermodalak lau solairu ditu lurrazpian eta bi sarbide daude oinezkoendako: Termibus zaharra zegoen espazioa hartzen duen plaza handitik bat, eta San Mamesko metro geltokitik zuzen-zuzenean bestea. Autobusak Guturbay kaletik sartuko dira geltokira, eta Perez de Galdos kaletik irten, Guturbaytik alde egiteko.

Lurraren mailan dagoen solairuan geltokiaren sarrera nagusia dago. Etorkizunean jatetxe bat eta beste zenbait zerbitzu egongo dira bertan. Eskailerak jaitsi behar dira -1. solairura Bilboko Geltoki Intermodala ezagutzeko. Bertan daude geltokiaren zerbitzu nagusiak: txarteldegiak, kafetegia, tiketak hartzeko gailuak, denda… baita autobusari itxoiteko bankuak ere. Beiratetik nasak dauden gunea ikusten da, "aireportu itxura" emanez bidaiari baten arabera.

-2. solairuan daude geltoki berriak dituen 30 nasak, baina ezin da edonor jaitsi zonalde honetara. Txartela dutenek soilik izango dute aukera hori. Goiko pisuko pantailetan begiratu beharko dute bidaiariek eta autobusa irten baino 15 minutu lehenago besterik ez pasa ahalko dute tornua eta -2 solairura jaitsi. Bertan beste itxarongune bat dago, autobusen nasez inguratuta.

Trukagailua

Proiektu berri honetan bat egiten dute hiriko garraiobide nagusiek. San Mamesko metro eta RENFE geltokiarekin lotura zuzena du Termibus berriak, eta kalera ateraz gero, bertan daude Bilbobus, tranbia eta udal bizikleta zerbitzua. Bizkaibusek eta Euskal Herrira edo kanpora doazen lineako autobusek osatzen dute zerrenda.

Bilbao Intermodal martxan da
Reproducir video
bottom of page