top of page

   GEROA BAIren MUNTAIA POLITIKOA

Asier Martinez

 

 

Uxue Barkos politikariaren irudiaren pean, Geroa Bai alderdi progresista bezala agertzen da Nafarroan. Bere oinarri ideologikoetan ikusgarria da abertzaletasun edo eta “navarrismo” kutsu moderatua, Nafar euskaldunaren autogobernu autonomoaren aldeko joerak plazaratuz. Politika sozialen inguruan, oinarri ezkertiarra antzemangarria da, gizartean ongizatearen ideia bermatzeko ekimena bideratuz. Alderdiak bere sare sozial nahiz webgunean bere ekintza politikoa baldintzatuko duen idearioa gizarte zibilari eskeiniko dio, gero botere politikoa eskuratzean praktikan jarriko dutena. Bere ideario politikoa lau zutabetan banatuko dute, gizarte zibilak egiten dituen eskaerak asetzeko helburuarekin; Garapen Ekonomikoa, Nafarroa, Gizarte Politika eta Oroimena nahiz Bizikidetza.


Ekonomia arloan, alderdiaren ikuspuntu liberal progresista nabarituko da, “Gizartea eta Lurralde kohesioa, ikuspegi estrategikoa eta kalitatezko enplegua” lelopean. Ekonomia sozialaren nahiz sostengarriaren josketa izango dute helburu nagusi gisa, ingurunearen babeserako beharrezkoak diren neurriak hartuz betiere.  Ekonomian merkatuetan parte hartzen duten eragile nagusien babesa eskaintzeko konpromezua hartzea ziurtatu du Geroa Baik, enpleguen arlo kualitatiboa (ordainsaria, egonkortasuna, segurtasuna…) nahiz kuantitatiboa (langabezi tasaren murriztea) hobetuz. Horretaz gain, tokiko enpresa txikiei garapena ziurtatzeko zenbait abantaila fiskal nahiz logistiko eskeintzearen alde agertzen da.

​

Sektore ekonomikoei dagokionez, beraien politika aurrerakoiak nabariak izango dira. Lehenengo eta Bigarren sektoreen modernizazioa bultzatzea instituzio publikoen konpetentzia izango da, esku pribatuen eta publikoen elkarlana sustatuz. Ondorio gisa, ekonomia  sozial eta bideragarria lortuko da Nafarroan, energia berriztagarrien integrazioan nahiz ingurune naturalaren errespetuan oinarritua. 

​

Alderdiaren analisiari erreferentzia eginez, azken urtetan 2008ko krisiaren ondorioz eta Nafarroako kudeaketan esku hartu duten indar kontserbadore eta eskuindarren ondorioz, beharrezkoa da aurrera begiratzen duen indar berritzailea. Horrela definituko du Geroa Baik bere burua, bere Gizarte Politika berdintasuna nahiz justizia berritzailea oinarri izanik. Herritarrei, politikaren hartzaile nagusi bezala ulertuta, kalitatezko zerbitzuen nahiz prestazioen  eskubidea bermatu behar zaie. Gizarte integrazioa defendatuko dute, ongizate soziala eragile sozial guztien arteko elkarlana bidez lortuz. 

​

Nafarroako marko politikoan oso errotuta dagoen eztabaidaren aurrean, hala nola euskal abertzaletasunaren presentziaren aurrean nolabait, autogobernuaren eta Nafarroa subjektu politikoaren defentsa bideratuko da alderdiaren zutabe gisa. Independentzia ez da izango  Euskal-Nafarroaren nazio auziaren konponbidea, baizik eta hiritarren nahiz instituzio publikoen konfidantzan oinarrituriko autogobernua eratzea izango da benetan aurrera pausoa emateko bidea. Nafarroa subjektu politiko bezala identifikatzean, nafartar herritarren borondatea ezagutzea posible izango da, hauxe izanik alderdi honen proposamena. 

​

Historiaren pisuak eragin handia dauka politika nafarran, beraz, Oroimena eta Bizikidetza lortzeko biktima guztien aitorpena bilatuko da administrazio publikotik. Nafar gizarteak sufritutako eskubideen murrizketari aurre egiteko eman diren bortizkeria ororen gaitzespena beharrezkotzat joko du Geroa Baik. Gerra Zibilean emandako eraso faxista oro epaitzeko medio guztiak bideratuko dira, baita geroago 70. hamarkadatik aurrera euskal gatazka armatuan emandako biolentzia foko guztiak (ETAko terrorismoa, GAL ego Triple a bezalako taldeen ekintza…) behin betiko historiaren oroimenean islatzeko benetan zaurien aitormena esleituz. Laburbilduz, Nafarroan egia eta justizia askatasunaren defentsa argia egiten du Geroa Bairen zuzendaritzak.  


 

IRUZKINA;

 

Geroa Bairen oinarri ideologikoei kritika egitea beharrezkoa ikusten dugu gaurko tesituran. Nafarroan EAJren herentzia moduan sartu den alderdi hau, indar berritzaile nahiz aurrerakoi gisa azaltzen den heinean eta “aldaketa” politikoa planteatzen duen bitartean, alderdi eskuindarrekin parekotasun ugari aurki ditzakegu. Nabarmentzekoa da bere politika ekonomiketan presente dagoen neoliberalismo kutsua, esku pribatuen gehiegikeriaren aurrean ezintasunez jokatuz. Sektore publikoaren defentsa sendoa egin ordez, diskurtsiboki hiritarren kalitatezko zerbitzuak nahiz eskubideak sustatu arren, erdi mailako burgesiaren aldeko apustua egiten dute, hauei abantaila tekniko nahiz fiskal handiak emanez. Apustu honekin, maila txikiko nahiz ertaineko burgesiaren erasoen aurrean langilea babesik gabe uzten dutela ikusgarria izanik. Ikusgarria da ere, nola “hiritar” bezalako kontzeptu indibidualistekin proletalgoaren benetako esentzia izkutatzen dutea eta klase ertain faltsu batean klase kontzientzia  terminologia anbiguoekin diluituz.  

 

Bestetik, bere bakezaletasun hura faltsutzat hartzen dugu, izan ere bere legegintzaldian bortizkeriaren foko batzuen sortzaileak bezala seinalatzen ditugu. Adibide bat jartzearren, Maravillas gaztetxean emandako gertakariak dauzkagu. Ekimen herrikoi baten aurrean, indarrez eta modu bortitz batean auzo guztia okupatu zuten (Polizia Foralaren bidez karga polizal sendoak bideratuz), Maravillaseko gizarte proiektua suntsituz. Hemendik, gertaera horien erantzukizuna Geroa Bairen nahiz gobernu koalizioan parte ziren beste alderdien gainean jartzen dugu, herri ekimen baten aurrean biolentzia tresna ugari bideratzeagatik (Isunak, Atxiloketak, Bortizkeri fisikoa, Epaiketak…). 

 

Aurretik aipatutakoarengatik, sendoki esan dezakegu Geroa Bai alderdiak erdi mailako burgesiaren aldeko interesak defendatzen dituela, ekimen herrikoien aurka biolentzia estruktural guztia erabiliz. Horretaz gain, klase interesei klase perspektibatik at dagoen autonomismo burgesa sortu nahi dutela argi ikusten dugu, nafar autogobernuaren bidez bertako produkzio bideak burgesia lokalaren eskutan jarriz eta nafartar proletalgoaren bizitza baldintza duinak ukatuz. 

bottom of page